2009/10/31

Saskiaren zozketaren irabazlea

Atzo ortzirala saskiaren zozketa egin genuen eta irabazlea IRATXE MIKELARENA suertatu zen, 06-A zenbakiarekin.

ZORIONAK!!!

Hemen beitian duzute ikusgai zozketaren bideoa:

2009/10/29

Saski ederraren zozketa

Saltzen ari garen boleto guztiez gain, tablero bat jarri genuen 72 x 2 zenbakirekin. Bertan 2€ -gatik partehartzaileak zenbaki bat bereizten zuen eta zozketa batean zenbaki saritua lortuko da.


Lurraren Egunean zenbaki guztiak bete ez zirenez, Agara Janaridendan utzi genituen tableroa eta saskia. 3 egun gehiago espetu behar izan da zenbaki guztiek jabe izan dezaten eta dagoeneko zozketa egiteko aukera dugu.

Zozketa bihar ortzirala arratsaldeko 18:00ak inguru egingo da Gure Txokoa Dantza Taldeak Eztegara pilotalekuan duen lokalean. Lekuko bezala agertu nahi duenak zozketa ikustera hortxe du zita beraz.

Hala ere, irabazlea ezagutu bezain pronto berekin harremanetan jarriko gara. Gainontzekoek zenbaki saritua ezagutu dezazuten, Agara Janaridendan, Iamoteneako iragarki tabloian eta gure blog honetan, ohar bat jarriko dugu.

Zorte on denei!!!

Lurraren Eguna 2009 - Balorazioa

Bikain joan zen aurtengo Lurraren Eguna Gure Txokoa Dantza Taldearentzat.

Festibala ederki atera zen eta jende pila bat hurbildu zen dantzak ikustera. Gainera dantzek harrera ona izan zuten ikusleen artean. Pena izan zen, ekitaldiak denboran atzeratu zirela. Honen ondorioz gure saioa ilunabarrean hasi zen eta argi natural gabe bukatu zen. Hasierako kalejirak ere giro ederra sortu zuen altzate guztian zehar eta jendea plazara hurbildu zuen.

Postuak ere ederki funzionatu zuen egun guztian zehar. Kokaleku egokiena ez bagenuen ere jende aunitz pasa zen gure postutik, gure pintxo, edari eta postreak jatera. Rifa, tonbola eta zozketetan ere jendeak ederki parte hartu zuen.

Eskerrik asko beraz, dantzak ikustera joan zineten guztiei eta postutik pasatu zinetenei!

2009/10/24

Bihar igandea Lurraren Eguna Beran

Bihar igandea, XXIII. Lurraren Eguna ospatuko da Beran. Egun guztian zehar, eskulangileen azoka eta barazki erakusketa ikusgai izango da. Herriko bandak, eta musika eskolako hainbat taldeek kaleak alaituko dituzte beren musikarekin. Gazta eta sagardo lehiaketa ere izanen da. Eta eguneko azken ekitaldi gisa Gure Txokoa Dantza Taldeak emanaldia eskeiniko du Altzate plazan. Euria eginez gero postuak eta ekitaldiak Altzateko frontoian eta polikiroldegian izango dira.

Saio polita eskeiniko du Gure Txokoa Dantza Taldeak arratsaldeko 18:00tan, Beran aspaldian ikusi gabeko zenbait dantzekin. Kalejira bat eginen dugu ere bai, Iamoteneatik Altzateko plazaraino kalea girotu asmoz.

Bertzalde, oroituarazi nahi dizuegu Gure Txokoa Dantza Taldeak postua jarriko duela Altzate plazan, atzerrira bidai bat egiteko laguntza lortzeko asmoarekin.

Bertan denetarik aurkituko duzute. Jateko pintxoak, pastelak, roskilak, bizkotxoak, postreak... eta eztarriak bustitzeko sagardoa, ardoa eta freskagarriak. Jokoak izanen dira haurrentzat eta hauei aurpegia margotzeko aukera ere bai.

Boletoak ere salgai izango dira 1€-ren truke eta El Niño-ren loteria eguna arte salgai izanen dituzute. Sariak hagitz interesgarriak dira: 2 lagunentzako gaua landetxe batean, urdaiazpiko handi bat, eta saski eder bat.

Bertzalde postuan bertan zozketak izango dira, rifak, lehiaketak eta tonbola ere bai. Sariak sekulakoak dira; Saski ederrago bat, ardo eta gasna loteak...

Eguneko azken orduetan txokolate bero bat bizkotxoekin hartzeko aukera izanen da eta gaztainak ere erreko ditugu, dantza taldearen saioa ikusi bitartean jateko.

Bertzerik gabe, gonbidatzen zaituztegu gure dantza emanaldia ikustera eta bidenabar gure postutik pasatzera. Ongi pasa!!!


2009/10/22

Azken asteburuko ekitaldiak

Pasa den asteburuan Gure Txokoa Dantza taldeak bere dantzak bitan erakusteko aukera izan zuen.

Ortziralean, Labiaga ikastolara Estonia, Turkia, Alemania eta Italiatik etorritako bisitariei dantza saioa eskeini zien. Kalejira batekin, bisitarien ordezkariak ikastolak Altzaten duen egoitzatik Koltur Etxearaino eraman zituzten. Bisitariek harridura aurpegiarekin begiratzen zituzten gure jantziak.

Ondoren, gainezka betea zegoen Kultur Etxean jada, saioa hasi zen. Ikastolako zenbait ikasle aurkezle papera hartu zuten eta bikain eraman zuten saioa euskeraz nahiz inglesez azalpenak emanaz. Ander Rodriguez dantzariak ere azalpenak eman zituen Alemanieraz.

Aurresku batekin hasi zen emanaldia, bisitariei eskeinitako aurreskua. Berako lau dantzarik, ikastolak egun honetarako prestatutako txapelak eskuan, kanpotarrei eskeini zieten aurreskua. Bukatzean eszenatokitik jaitsi eta lau herrialdetako ordezkariei eman zieten txapela. Txapela, Gure Txokoa eta Labiaga izenak zituen, egunaren datarekin eta bi laubururekin batera bordatuta. Atzerritarrek, saio guztia txapela buruan edozein modutan jarrita zutela pasa zuten.

Dantzak, zein baino zein txalotuagoa, aurkezpen eta trikitrixa doinuekin tartekatzen joan ziren eta bukatzeko ikastolako haurrek bi kanta abestu zituzten.

Saio ondotik, ikastolak dantzariak gonbidatu zituen Zalain Jatetxean egindako afarira. Bertan, giro alaiean, Berako dantzari, irakasle eta musikariez gain, irakasle kanpotarrak zeuden eta hitz batzuk erratera ausartu ziren. Egonaldia eskertu zoten ikastolari eta Euskal Herriko edertasuna eta jendea goraipatu zuten. Euskal Herriko kulturarako hitz politak izan zituzten, eta Gure Txokoa Dantza Taldearentzat zorionak eta txaloak izan ziren.

Esperientzia polita izan da Gure Txokoa Dantza Taldearentzat. Berako eta Euskal Herriko kultura erakusteaz gain, eta atzerritarrekin harremana egiteaz gain, Labiaga ikastola eta dantza taldearen arteko lotura handitu du eta erakutsi du herriko edozein erakunde edo talderekin lan egiteko prest dagoela.

Hemendik eskerrak eman ikastolari saioa egiteko jarritako erreztasun guztiengatik. Mila esker!

Ahal bezain abudo saio honetako argazki eta irudiak jarriko ditugu blog honetan.


Bertzalde, larunbatean Jon Zelaieta eta Usoa Zelaieta, dantzari, irakasle eta arduradun oihak elkarrekin ezkondu ziren. Gure Txokoa Dantza Taldeak, ohorezko aurreskua eta arkua eskeini zien Herriko Etxetik behitzerakoan. Hunkituta jaso zuten bi gazteek, oparitutako txapel eta painulu bordatua. Aipatzekoa da, gonbidatu guztiak euskal janzkera tradizionalekin jantzirik joan zirela eta horrek giro bikaina sortu zuen egun osoan zehar igande goizeko lehenengo orduak bitarte. Zorionak bikote!!!

2009/10/16

Gaur ortzila, ikastolako bisitariei eskeinitako saioa

Gaur ortzirala, arratsaldeko 20:00tan Gure Txokoa Dantza Taldeak saioa eskeiniko du Berako Kultur Etxean.

Ikastolak eta dantza taldeak elkarlanean antolatuta, Berako dantzarien dantzak ikusgai izango dira. Ikastolak bultzatutako proiektu europear bati esker, Estonia, Turkia, Alemania eta Italiatik etorritako hainbat ikasle ditugu aste honetan bisitari Beran. Euskal kultura eta folklorea erakusteko asmotan Gure Txokoak emanaldia eskeiniko die.

Arratsaldeko 19:45tan kalejira bat eginez kanpotarrak ikastolak Altzaten duen egoitzatik Kultur Etxearaino eramango dituzte dantzariek, bertan 20:00ak inguruan saioari hasiera emateko asmotan.

Espero dugu atzerritarrak Beratik oroitzapen politak eramatea.

2009/10/15

Zorionak Jon eta Usoa

Gure Txokoa Dantza Taldeak aunitz eman digu hau osatzen dugunoi; folklore eta kultura ezagutzak, bidaiatzeko aukera, Bera ordezkatzeko aukera, denbora tarte onak zein baten bat ez hain ona ere bai, irriak, diskusioaren bat, bazkari zein afariak, urduritasunak, pozak... eta LAGUNAK.

Lagunak han eta hemen, berriak eta zaharrak, gazteak eta gazteagoak, onak eta hobeak. Zenbatuezinak dira lagun guztiak, eta zenbatuezina horietako batzueri zor dizkiegun eskerrak.

Horietako zenbait, talde nagusian zeuden haiek ziren gu dantzetan lehenengo aldiz hankak altxatzen ari ginenean edo txulalai ikasten genuen bitartean. Dantzari haiek, gure irakasle bihurtu ziren eta dantza zaletasuna sartu ziguten zainetan Otsagiko dantzak edo El Ziegokoak erakusten zigutenean. Irakasletik taldekidera pausua ematera bultzatu ziguten Bordondantza edo Berako Aurreskua irakasteko eta azkenean bizilegez lekukoa pasa digute taldea aintzinera eraman dezagun.

Orain gu gara helduen taldean gauden horiek, dantza irakasle horiek eta gaztegoei Bordondantza eta Berako Aurreskua erakusten diegun horiek. Orain gu gara San Esteban egunaren bezperan goiz joaten direnak etxera, txanpaina naranjarekin nahasten erakusten dutenak edota pastela gordetzen irakasten dutenak. Bidea ongi irakatsi digutenak izan ditugulako lagun moduan.

Guzti horrek eragiten du, zuentzat egun berezi diren horiek guretzat ere bereziak izatea. Zuek gaur sentituko duzuen poza eta zoriona, gure barne egotea. Horregatik, gaur 2009ko urriak 17, egun berezia da guretzat ere bai.

Dantzak elkartu dituenei zoriontasun handiena opa diegu. Pozez eta alaitasun handiarekin pasa dezaten eguna, eta udazkeneko eguerdi honek ekarriko duen segida orain artekoa baina zoriontsuagoa izatea.

Besarkada bana lagunak!!!
ZORIONAK!!!


JON eta USOA 2009/10/17

Gure Txokoa Dantza Taldea

Lurraren Eguna 2009

Hau da 2009ko Lurraren Eguna-ren egitaraua. XXIII. edizioa da aurtengoa eta Gure Txokoa Dantza Taldeak bere saioa eskeiniko du arratsaldeko 18:00tan Altzateko Plazan.

23.Lurraren Eguna Bera


Urriaren 24ean Arratsaldez

-17:00etan Lizuniagako Igoera Lasterka

-19:00tan Barazki-Opil Lehiaketa eta Trikitilariak Alzateko Frontoian


Urriaren 25an Goizeko

-10:00etan Alzaten : Eskulangileen azoka eta barazki erakusketa.

-10:30tan :” Besta Berri eguna” Argazki Erakusketa Labiaga Ikastolan.

-11:00etan Gazta eta Sagardo lehiaketak Rikardo Barojan Eskolan.

- 9,30ak baino lehen ekarri behar dira gasnak eta sagardo botilak.

-Goizeko 11,00 tan Bera Trikitilari taldearan ibilaldia.

-Eguerdiko 12:00tan Musika Eskolako “30.urteurrenaren” Kalejira berezia.

-13:00tan: Berako Banda Alzateko plazan

Arratsaldez Alzateko Plazan :

-16:30tan Hipo eta Tomax Pailazoak “Herri Kirolak”lana.

-17,30 tan Sari banaketa, Enkantea eta Julen Zelaieta eta Jon Elizetxe Bertsolariak

-18,00 tan Gure Txokoako dantzarien emanaldia eta Trikidantz.

Euria bada ekitaldiak : Kiroldegian eta Alzateko Frontoian

Antolatzailea Gure Txokoa elkartea.

Laguntzailea Berako Kultur Batzordea

Lurraren Egunan ere Gure Txokoa Dantza Taldearen saioa

Gure Txokoa Dantza Taldeak saioa egingo dugu urriak 25ean, igandean, Beran izango den Lurraren Eguna-n.

Urte batzuk ziren Gure Txokoako dantzariek elkarteak antolatutako saioan parte hartzen ez zuela eta aurtengoan berriz ere aukera izango du herritarren antzinean bere dantzak erakusteko.

Saioa Altzateko Plazan izango da arratsaldeko 18:00ak aldera. Hala ere minutu batzuk lehenago dantza taldeak Eztegara eta Altzate kaleak alaituko ditu kalejira bati esker.

Erran beharra da, dantza taldeak postua jarriko duela Altzateko plazan bertan, taldearen gertutasuna herritarrei agertzeko asmoarekin eta dantza bidai baterako laguntza lortzeko asmoarekin. Bertan, jateko eta edatekoez gain, zozketak, joku, lehiaketa eta abar aukituko ahal izango ditugu.

Hurrengo egunetan, Lurraren Eguneko saio honeri buruzko informazio gehiagoren berri emanen dugu.

2009/10/13

Ikastolako bisitariei eskeinitako saioa

Berako Labiaga Ikastolak eta Gure Txokoa Dantza Taldeak elkarlanean antolatuta Berako dantzarien emankizuna izango da urriaren 16an, ortziral honetan, arratsaldeko 20:00tan, Berako kultur etxean.


Berako Labiaga Ikastola elkartrukeko proiektu Europear batean bete-betean murgilduta dago, eta aste honetan kanpotarrak etxean jasotzeko bere txanda ailegatu da. Ez da lehenengo aldia ikastola horrelako proiektu batean sartuta dagoela, izan ere, azken hamarkadan hainbat herrialdetako ordezkariak jaso ditu, Suedia, Portugal, Errumania... esate baterako. Ikastolako ikasleak ere herrialde ezberdinak bisitatu dituzte proiektu hauen barrenean.

Pasa den asteburuan ailegatu ziren 14 urte inguruko gaztetxoak Berara. Alemania hegomendebaldeko Lindau hiritik, Estonia erdialdeko Türi herriatik, Izmir hiri Turkiarretik eta Italiako Napoli hiri garrantzitsuatik etorri dira aurtengoan. Hainbat ekitaldi prestatu ditu ikastolak inguruak eta euskal kultura erakusteko asmoarekin, eta Gure Txokoa Dantza Taldeak ekitaldi horietako batean parte hartuko du.

Labiaga ikastolak, Gure Txokoa Dantza Taldeari proiektuaren eta bere asmoen berri eman zion. Ikastetxeak kanpotarrei euskal kultura eta folklorea erakusteko intentzioarekin Berako dantzariek saio bat egitea proposatu zuen. Dantza taldeak, ikastolako ikasle oihez josia, baiezkoa eman zuen bitan pentsatu gabe eta elkarlanean hasi ziren saioa prestatzen.

Dantzariak arratsaldeko 19:45tan agertuko dira ikastolaren Altzateko egoitzara eta handik kalejiran atzerritarrak kultur etxeraino eramango dituzte. Saioa Aurresku batekin hasiko da. Gure Txokoako 4 dantzarik, kanpoko herrialdetako ordezkari bana hartuko dute eta eszenatoki gainera eraman, bertan Aurreskua eskaintzeko eta ohiko txapela oparitzeko. Berako dantzez gain, Euskal Herriko lurralde desberdinetako dantzak eskeiniko dizkiete Beratarrek bisitariei ikastolako ikasleek ingeleraz aurkeztutako saioan.

Festibalaren ondotik, ikastolak antolatuta afari batean bilduko dira dantzari, musikari eta ikastetxeetako arduradunak.

Larunbata arte egongo dira Alemaniarrak, Estoniarrak, Turkiarrak eta Italiarrak gure artean eta beraz honako dantza emankizun hau, azken ekitaldietako bat izango da beraientzat Euskal Herrian. Saio polita izatea espero dugu, euskal kultura eta folklorea ikusteaz gain ongi pasatu dezaten.

2009/10/04

Gure Txokoa Dantza Taldearen saioa


Berako Labiaga Ikastolak eta Gure Txokoa Dantza Taldeak elkarlanean antolatuta berako dantzarien emankizuna izango da urriaren 16an Berako kultur etxean.

Hainbat herrialdetako gaztetxoak etorriko dira ikastolako ikaslei bisita egitera eta Berako eta Euskal Herriko kultura eta tradizioak erakusteko asmoarekin Gure Txokoa Dantza Taldeak euskal dantzaz osatutako emanaldia eskeiniko die kanpotarrei.

Aurrerago saio honi buruz berri gehiago izanen duzute.