2018/02/07

40. Aldiz jarraian Inudeak eta Artzaiak Beran


Berako inauteriak hasiak dira Kaldereroen ospakizunekin, ortzegun honetan haur eta gaztetxoen txanda izanen da eta igandean gure txanda izanen da Inude eta Artzaien ospakizunakin. 
Otsailaren 11an, igandez, goizeko 10etan aterako da konpartsa Eztegara pilotalekutik. Goiz guztian zehar kaleak pasiatu ondotik, bazkari batek indarberrituko gaitu. Arratsaldez, 18etan Eztegara pilotalekutik Altzateko Plaza arteko bidea lotuko du desfileak. Euria eginez gero ibilbidea laburtuko da baina printzipioz ez da euririk aurreikusten. Momo erregeak kontaktuak ditu zeruan...

 Aurtengoa urte berezia da 40. aldia izanen baita, hutsik gabe, Gure Txokoa Dantza Taldeak Inude eta Artzaien konpartsa antolatzen duela. Urteurrena hurrengo urtean izanen da eta beraz ospakizun bereziak hurrengo urterako utziko ditugu. Hurrengo urtean 90 urte beteko baitira lehenengo aldiz Inude eta Artzaiak Beran ateri zirenetik (1929) eta 40 urte berreskuratu zenetik (1979).

 Behar bada 40. edizio borobil horrek lagunduta lehendabiziko entsegu egonean dagoeneko 28 bikotek izen eman dute iganderako, eta hainbatek konpartsan. Beraz urte polita aurreikusten dugu partaide kopuru aldetik.



Animatzen zaituztegu zueri ere bai urtero bezala Inude eta Artzaietan parte hartzera. Indarberritzen ari den konpartsa koloretsu bat osatzeko deia ere egiten dugu dantzatzen ateri nahi ez dutenei. 20. mende hasieran herri batean aurkitu zitezkeen pertsonai desberdinak irudikatu beharko dire:
- Apeza, alkatea, ezkontzako bikotea, ministroa, apezpikua, aita santua, fraidea, monja, medikua, enfermerak, deabrua, aingerua, barkilo saltzailea, alargunak, pilotaría, irakaslea, postaria, bizargina… eta zuek proposatutakoak.




Era berean animatzen dugu konpartsan parte hartu nahi ez duten ikuslei beraien mozorroak ateratzeko inauterietako igandean denek disfrutatu dezagun egun haundi honetaz.

Entseguak       
 - Otsailak 5, astelehena. 20:30 etan.   Eztegara frontoian.     
 - Otsailak 9, ortzirala. 20:30 etan.  Eztegara frontoian.

Oroitu bazkarirako txartelak hartzeko aukera bakarra entseguetara agertzea dela. 15€  kostatzen dute txartelek.

 Hemen duzue ikusgai desfile honen inguruko historia azaltzen duen post-a:
_________________________________________________________________________________________________________

2017/05/08

Gure Txokoako dantzariak Isidoro Fagoagaren omenaldian

Isidoro Fagoagari omenaldia eskaini diote Berako Agramontea sortetxean
Iturria: www.erran.eus - Ttipi-Ttapa

Oroit-plaka paratu dio Berako Udalak eta emanaldia eskaini diote Berako Abesbatzak, bandak eta Gure Txokoako dantzariek

Argazkia: Martin Goikoetxea "Goiko"

Isidoro Fagoaga, bada tenorea! izenburupean urte osorako zenbait ekitaldi prestatu dituzte Beran. Omenaldi nagusia, maiatzaren 6an egin zioten Illekuetako Agramontean, bere sortetxean,  Abesbatzaren, Bandaren eta Gure Txokoako dantzarien eskutik. Oroit-plaka bat ere paratu zion Berako Udalak etxe atarian, tenore handiaren esaldietako bat ageri duena: «Geure kulturari uko egitea bizitzari berari uko egitea litzateke».

Josu Iratzoki Berako alkatea eta udal ordezkariekin batera, Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta eta Toki Administrazio kontseilaria eta Susasna Irigaray, Nafarroko Museo Zerbitzuko zuzendaria izan ziren ekitaldian, Fagoagaren senide eta hainbat beratarrekin batera.
‘Isidororen Lagunak’ elkarteko kide ere baden Jon Abril kazetariak gidatu zuen ekitaldia eta Isidoro Fagoagak “14 urterekin bere etxea utzi eta Argentinara lehenik, eta Italiara gero, joateko izan zuen ausardia” azpimarratu zuen. Alde horretatik, bere garaiari aitzindua ibili zen Fagoaga eta bere omenez antolatu dituzten ekitaldietarako aukeratu duten goiburuak dioen bezala, “bada tenorea ahazturatikberreskurateko eta dagokion tokia emateko”. Berako Abesbatzak bi kantu eskaini zituen, eta Isidororen Lagunak elkarteko Helena Santestebanek Fagoagak 1947an idatzitako testu bat irakurri zuen, Gernika bonbardeatu ondotik kantatzeari uzteko arrazoiak azaltzen zituena. Isabel Elizaldek eta Susana Irigarayk Fagoagaren bizitza eta lana ikertzeko eta ezagutzera emateko konpromisoa azaldu zuten.
Agramontean jarritako plaka azaldu ondotik, Gure Txokoako Jon de la Cruz eta IraiaGilleneak aurreskua dantzatu zuten eta berriz ere, Berako abesbatzak eta musika bandak eskainitako kantuekin bukatu zuen omenaldi ekitaldia.

Erakusketa
Gogoratu behar da apirilaren 21etik maiatzaren 21era Isidoro Fagoagaren ibilbidea biltzen duen erakusketa zabalik dela Kultur Etxean (ortzegunetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era).
Isidoro Fagoagak hil aitzinetik kutxetan sartutako bere materialaren hainbat ale paratu dira erakusgai, gehien-gehienak lehenbiziko aldiz: argazkiak, kontzertuetako kartelak, gutun pertsonalak (Oteizarekin, Barandiaranekin, Martin Ugalderekin…), postalak, operetan erabilitako jantziak eta osagarriak, liburuak…
 
Aitzinera begira
Maiatzaren 19an, ortziralean 19:00etan Beralandetan, Hedoi Etxartek Wagner izanen du solasgai, Fagoagak gehien kantatu zuen artista.
Maiatzaren 26an, berriz, “Isidoro hurbiletik” mahai-inguruan parte hartuko dute hura ezagutu zuten hainbat lagunek, ortziralean 19:00etan Gure Txokoa elkartean
Maiatzaren 30ean, asteartez, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Isidoro Fagoaga ezagutzeko Ginkana bat eginen dute herriko karriketan barna, 15:00etan hasita. Ez da hau izanen ikastetxeekin landuko den gai bakarra, erakusketa bisitatzeaz gain, erakusketarako propio marrazkiak ere prestatu baitituzte. Horrez gain, herriko ikasleei banatzeko, Isidoro Fagoagaren bizitza laburbiltzen duen komikia argitaratuko da, Joseba Larratxe komikigileak egina.
Udaberriko azken ekitaldia ekainaren 9an eginen da. Artistaren izena daraman Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Herriko Etxeko plazan, gaueko 22:00etan, antzerki-musikatua eskainiko dute, Fagoagaren ibilbidea musikaren bidez laburbilduz.

Kontzertuak udazkenean
Udazkenerako hainbat kontzertu eta emanaldi prestatzen ari dira, musikaren bidez Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko asmoarekin. Hala, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Manuel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du irailean; Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izanen da urrian, eta oraindik itxi gabeko bertze emanaldi batzuk aurreikusi ditu antolakuntzak.
Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.


2017/05/01

Zarautzeko Dantzari eguna 2017

Pasa den apirilaren 30ean Zarautzeko Jalgi Dantza Taldeak antolatutako Dantzari Egunean parte hartu zuen Gure Txokoa Dantza Taldeak. 7 herri desberdinetako 200 dantzari inguru bildu ginen kostaldeko hirian. Talde Zarauztarrak 5 urte betetzen ditu aurtengoan eta honen aitzakipean gonbidatuak izan ginen beraien ospakizunetara Zumarragako Irrintzi, Getariako Gure Txeru, Gabiriako Goruntz, Mutrikuko Gure Ametsa eta Oñatiko Oñatz taldeekin batera.


Egun guztirako egitarau bikain prestatuta zuten Zarautzeko lagunek, tamalez euriak hau bere osotasunean betetzea ekidin zuen, eta goizerako prestatutako dantza gehienak Zinema frontoi estalian egin behar izan ziren. Bazkari eder baten ondotik, arratsaldean, dantzaz alaitu genuen talde guztietako partaideek Zarautzeko kaleak kalejira baten bidez. Eguna Fun&Go musika taldeak alaitutako besta batekin bukatu zen.



Lerro hauetatik gure esker ona adierazi nahi diegu Jalgi Dantza Taldeko partaidei egun zoragarri honetan parte hartzeko aukera emateagatik eta eskeinitako arreta guztiagatik. Era berean, zoriondu nahiko genituzke Dantzari Eguna modu ezin hobean antolatzeagatik.


















Argazki gehiago: http://zarauzkohitza.eus/zarautz/1493555707997
Jalgi Dantza Taldea: https://www.facebook.com/jalgi.dt/

2017/03/01

2017 Inauteriak bukatu dira

Joan zaizkigu aurtengo inauteriak eta 2018ari esperoan geldituko gara berriz ere Inude eta Artzaiak Berako kaletan ikusteko. 35 bikote izan ziren guztira dantzan aurtengoan, joan den urteko gisan. Konpartsan parte hartu zutenek ere aipamen berezia merezi dute, ikuslegoari irribarrea sortaraziz eta aipamena ere bai, nola ez, gure musikariei. Luxu bat da horrelako maila duten musikarien doinuak gozatzea.

Hurrengo urtean... gehio!!!





Ondoko helbidean Martin Goikoetxea "Goiko"-k ateritako argazkiak ikus ditzazkezue:
https://www.facebook.com/goikoetxeaplaza/media_set?set=a.10208358915314525.1073742669.1354214306&type=3&pnref=story

Baita ere Herriko Etxeko Plazan dantzatutako momentuan hartutako bideo bat:
https://www.facebook.com/goikoetxeaplaza/videos/vb.1354214306/10208358835912540/?type=3&theater

Eta Ttipi-ttapa-ko lagunen argazkiak:
http://erran.eus/bortziriak/1488184548084

Mila esker argazki eta bideoak sarera goitu dituzuen guztiei.