2010/09/19

Gure Txokoa Igartzako ezpatadantzarien bilkuran

Pasa den irailaren 11an Gure Txokoa Dantza Taldeak Aurtzaka Dantza Taldeak Igartzan (Beasain) antolatutako Euskal Herriko ezpatadantzarien bilkuran parte hartu zuen. Honako hau Aurtzaka Dantza Taldeak beren blogean kaleraturiko albistea da:

Igartzan ez dugu berehala ahaztuko !

2010eko Irailak 11, egun ederra izan genuen Beasainen.



Lehenik eta behin, Igartzako inguru osoa estreinatu ahal izan genuen dantzaleku moduan: Zubia, Jauregia, Dolarea, Burdinola, Errota eta Ermita zaharberritzeko obrak eta lanak bukatu dira, eta distiratsu agertu zitzaizkigun gure dantza guztien lekuko.



Honekin batera, egun berezi honi, deialdi berezia erantsi nahi izan genion. Dakigula, tradizioan etenaldirik ezagutu ez duen Ezpata-dantza zaharrenetakoa daukagu Beasainen: Loinazko San Martingoa, ezpata txikiekin bakarrik dantzatzen dena. Eta dakigula, ohikoa zen Beasainen inguruko dantzari iaionak ezpata txikiak dantzatzera gonbidatzea ospakizun berezietan. Honenbestez, Euskal Herriko Ezpata-dantza guztietako kapitain eta buruzagiei luzatu genien gonbidapena. Eta ia denak etorri zitzaizkigun. Beraz, eskerrik beroenak Arkaitz (Añorga), Beti Jai Alai (Bilbo), Duguna (Iruñea), Gure Kai (Deba), Gure Txokoa (Bera), Haritz (Elgoibar), Irrintzi (Zumarraga), Kezka (Eibar), Sustraiak (Legazpi), Udaberri (Tolosa) eta Urki (Andoain) dantza taldeei.



Bide batez, hemendik aurrera gure Kofradiako bereizgarri izango ditugun bandera eta paparreko dominak aurkeztu genituen.



Bidenabar, ospakizun honek eskaini zigun abagunea baliatu nahi izan genuen, gure dantza-zaletasuna eta Kofradia bera sustatu eta osatzeko ezinbestekoak gertatu zaizkigun lau pertsona Ohorezko kofradia-kide izendatzeko.



Lehenengo, orain 5 urte utzi gintuen Joxe Sarriegi herriko dantza-maisuari egin nahi izan genion aipamena. Berari esker, besteak beste, mantendu da eta bizirik dirau Beasainek bere-berea duen Ezpata-dantza, eta baita gutako askoren sehaska izan den plazako aurreskua ere. Hilondoko omen modura, bere seme eta ordezkari izan zen Xabier Sarriegi “Paxatxo”k jaso zuen ohorezko domina.



Bazen omendu beharreko beste herritar bat ere: Raimundo Gamaio. Bere bizitzaren zati handi bat dantzari eskaini izan dio eta Aurtzakaren sortzaileetako bat ere badugu. Aurtzakaren sorrerako garai haietan egindako lan eskerga modu xume honetan eskertu nahi genion.



Hurrengo omendua Juan Antonio Urbeltz izan zen, Beasaindik kanpo etorri arren, dantza-munduan egin duen lanaren eragina oso gertukoa izan dugulako gure Kofradian eta beti erakutsi izan digun laguntzeko prestutasuna eskertzeko gogoz.



Eta azkenik, Kofradia gauzatzeko eta bere bilakaeran ezinbesteko laguntza eman digun hau: Juantxo Agirre, beti egon baita laguntzeko eta gure eskaera guztiak bideratzeko prest.







Aurtengo ibilibidea ere aurreko urteetakoaren antzekoa izan zen eta behin Nafarroa Etorbidean aurrera ginela jendetza izan genuen bidaide Igartzarainoko bidean.



Igartzan ginelarik, Loinazko kapitainek San Martingo Ezpata-dantza dantzatu zuten eta Igartzako dantzariek eman zioten segida ekitaldiari, zubiaren inguruan egindako dantzekin eta zubi gaineko larrosa eta bandera-dantzarekin.




Jarraian etorri ziren kapitain eta buruzagi gonbidatu guztien ezpata-dantzak:

Bilboko Beti Jai Alai taldekoek Begoñako ezpata-dantza.



Berako Gure Txokoa taldekoek Bordon-dantza; eta Iruñeako Duguna taldekoek San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza.




Legazpiko Sustraiak taldekoek Santikutzetako ezpata-dantza; eta Zumarragako Irrintzi taldekoek Antioko ezpata-dantza.



Debako Gure Kai taldekoek San Roke dantza; eta Andoaingo Urki, Añorgako Arkaitz, Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, eta Tolosako Udaberri taldeetakoek Gipuzkoako ezpata-dantza.




Igartzako kapitainek Igartzako ezpata-dantza.




Zein baino zein ikusgarriagoak, bertan bildutako beasaindarrek aurtengo emanaldi berezi hau zeharo gustukoa izan zutela nabaria izan zen.



Jauregian bertan Dolarea Jatetxeko Iban Matek eskeinitako bazkariarekin datorren urtekoari jarraipena emateko indarberrituta gelditu ginen. Aiko taldearen eskutik luzatu genuen arratsaldea, eta auzoko jaietan gaua ere luzatu zuenik izan omen zen.



Eskertu beharrean gaude bereziki gure musikarien aurtengo lana, hainbeste dantza-doinu trebeziaz lotu zituztelako, baita antolaketan lagundu gintuzten lagun guztiak ere.



Argazkiak Aritz Ibañez eta Iñaki Erauskinenak dira (esker aunitz bientzako!).



Argazki gehiago ikusteko: hemen Aurtzaka eta hemen Iñaki Erauskin .

Goierri Telebistako albistea http://www.gitb.info/index.php/bideoak/viewvideo/736/gaurkoan-goierritik/euskal-herri-osoko-ezpatadantzak-igartzan.html.

Igartza 2010eko deialdia hemen .

Duguna taldearen bloga http://www.dantzan.com/blogak/duguna/beasaingo-iruneko-galtzadarrien-gainean-dantzan.

Haritz taldearen bloga http://www.dantzan.com/blogak/haritz/beasaindik-lastur-eta-aiastiara.

Goierriko Hitza: