2010/06/19

Hurrengo emanaldia Altzateko bestetan eginen du Dantza Taldeak

Lan eta lan dabil Gure Txokoa Dantza Taldea, gogotik entsaioetan eta gelditu gabe han eta hemen saioak eskainiz. Martxoararen 28an Zaldibiko Dantzari Ttiki Egunean izan ziren, eta maiatzaren 29an Ibarrakoan. Maiatzaren 30ean, berriz, Hondarribia Dantzan IV. Jaialdian parte hartu zuten, eta ekainaren 6an Andoaingo Dantzari Ttiki Egunean. Baigorriko Nafarroaren Egunean ere ez zuten hutsik egin, giro bikainean hantxe ibili baitziren Inude eta Artzainak. Eta Altzateko bestetan ere emanaldia eskainiko dute. Baina prestaketekin ere burubelarri dabiltza. Duela hilabete batzuk abian paratutako helduen ikastaroak, erraterako, harrera bikaina izan du eta 22 eta 50 urte arteko 30 lagunetik goiti biltzen dira ortziralero Eztegarako frontoian, 19:30etik aitzinera –ikusi 1. argazkia–. Dagoeneko muxiko batzuk, zortzikoa eta arin-arina dantzateko gai omen dira gainera, eta erantzuna ikusita, ekainean luzatzea pentsatu dute, eta uztailean ere entsaioak egitea ez dute baztertu. Eta Gure Txokoa Dantza Taldetik adierazi digutenez, oraindik ere apunta daiteke. Iturria: Ttipi-Ttapa