2009/11/10

Bretainiako bidaiaren laburpena

Ortziral arratsaldean Bretainia aldera abitu ginen ittundar, aranztar eta beratar kuadrila eder bat. Denera 33bat lagun izanen ginen, musikari, dantzari eta joaldunen artean. Quimper-en genuen hotela eta bertara larunbatean goizeko 3ak aldera iritsi ginen.


Lo pixkat egin eta hurrengo goizean ondoan dagoen Douarnenez herrira joan ginen. Bertako kaleetan joaldunen hotsa nabarmena zen, eta jendea harriturik gelditzen zen hango zaratarekin. Gibeletik dantzariek eta trikitilariek jarraitzen genien eta bertako biztanleak kontent gelditzen ziren gure euskaldun giroarekin. Erran behar da oso harrera ona egin zigutela eta atsegin haundiz jarraitzen zittuzten gure dantzak.




Arratsaldean Quimper-eko karrikak alaitu genittun, nahiz ta eguraldia ez genuen lagun izan. Hemen ere joaldunak aitzinetik joan ziren, eta dantzariak eta trikitilariak euria egiten ez zuenean beraien gibeltik abiatzen ziren. Oraingo honetan ittundarrek beraien hartza kaleratu zuten eta bertako biztanle batek baino gehiagok ikare ederra hartu izanen zuen. Anekdota gisa aipatu behar da, joaldunak arratsaldeko saiorako prestatzen ari zirelarik, ondoan zegoen ezkontza batean bi ittundar dantzariek Aurreskua eskeini zietela ezkon berriei. Hauek harridura aurpegiarekin baina gusto handiz jarraitu zuten pausu bakoitza.


Arratsean, afal ondoan lehendabiziko festibala eskeini genuen Pluguffan herrian. 8bat dantza egin genituen eta bertakoei aunitz gustatu zitzaien. Hauek bukatu eta gero, hemengo dantza batzuk erakutsi genizkien eta beraiek ere horrela egin zuten,bertako bi dantza ikasiz. Honela ba, giro onean amaitu zen lehenengo eguna, goizetik hasita arratsa arte dantza eta giro onean joan zena.

Igande goizin berriz ere Pluguffan herrira joan ginen. Goizean joaldunak eta hartza karriketan barna ibili ziren, liburu azoka zegoen tokira iritsi arte. Bertan hitz batzuk erran zittun ittundar dantzari eta joalduna den Jabierrek, eskerrak emanez. Aldi berean, bertako biztanleek hemengo jakiak probatu asmoz, urdaizpikua, gazta, sagardoa...jarri ziren mahai batean. Arrakasta izugarria izan zuen, segittuan akautu baitziren mahaian paratutakuak. Bazkal ondun bertze festibal ttiki bat eskeini genien eta amaieran, denak batean elkartu ginen, dantzari, joaldun eta musikariak eta Joxe Mari joaldunak esker onak emanez eta agurtzeko asmoz bertso emozionagarri bat bota zuen.

Aipatu, gurekin batera, Iparraldeko bertze bi musikari joan zirela Bretainiara, akordeolari eta bateria jole bat. Hauen laguntzarik gabe, ez genuen hain giro ona jartze lortu izango.

Horrela ba, hau da asteburu motz honetan Bretainian izandako abenturak. Oso esperientzia atsegina izan da guztientzat, errepikatzeko modukua.


Hemendik gure eskerrak Arantzako trikitilariei jotzera animatu izanagatik; eskerrak baita ere Iturengo dantzari eta joaldunei horrelako aukera zoragarri bat eskeini izanagatik eta eskerrak denari hain giro ona lortu izanagatik!!!

Horrelako bertze aukera bat izango dugulakoan, ESKERRIK ASKO!!!

Berako dantzarik

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina