Labiaga Ikastolako saioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Labiaga Ikastolako saioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2009/10/22

Azken asteburuko ekitaldiak

Pasa den asteburuan Gure Txokoa Dantza taldeak bere dantzak bitan erakusteko aukera izan zuen.

Ortziralean, Labiaga ikastolara Estonia, Turkia, Alemania eta Italiatik etorritako bisitariei dantza saioa eskeini zien. Kalejira batekin, bisitarien ordezkariak ikastolak Altzaten duen egoitzatik Koltur Etxearaino eraman zituzten. Bisitariek harridura aurpegiarekin begiratzen zituzten gure jantziak.

Ondoren, gainezka betea zegoen Kultur Etxean jada, saioa hasi zen. Ikastolako zenbait ikasle aurkezle papera hartu zuten eta bikain eraman zuten saioa euskeraz nahiz inglesez azalpenak emanaz. Ander Rodriguez dantzariak ere azalpenak eman zituen Alemanieraz.

Aurresku batekin hasi zen emanaldia, bisitariei eskeinitako aurreskua. Berako lau dantzarik, ikastolak egun honetarako prestatutako txapelak eskuan, kanpotarrei eskeini zieten aurreskua. Bukatzean eszenatokitik jaitsi eta lau herrialdetako ordezkariei eman zieten txapela. Txapela, Gure Txokoa eta Labiaga izenak zituen, egunaren datarekin eta bi laubururekin batera bordatuta. Atzerritarrek, saio guztia txapela buruan edozein modutan jarrita zutela pasa zuten.

Dantzak, zein baino zein txalotuagoa, aurkezpen eta trikitrixa doinuekin tartekatzen joan ziren eta bukatzeko ikastolako haurrek bi kanta abestu zituzten.

Saio ondotik, ikastolak dantzariak gonbidatu zituen Zalain Jatetxean egindako afarira. Bertan, giro alaiean, Berako dantzari, irakasle eta musikariez gain, irakasle kanpotarrak zeuden eta hitz batzuk erratera ausartu ziren. Egonaldia eskertu zoten ikastolari eta Euskal Herriko edertasuna eta jendea goraipatu zuten. Euskal Herriko kulturarako hitz politak izan zituzten, eta Gure Txokoa Dantza Taldearentzat zorionak eta txaloak izan ziren.

Esperientzia polita izan da Gure Txokoa Dantza Taldearentzat. Berako eta Euskal Herriko kultura erakusteaz gain, eta atzerritarrekin harremana egiteaz gain, Labiaga ikastola eta dantza taldearen arteko lotura handitu du eta erakutsi du herriko edozein erakunde edo talderekin lan egiteko prest dagoela.

Hemendik eskerrak eman ikastolari saioa egiteko jarritako erreztasun guztiengatik. Mila esker!

Ahal bezain abudo saio honetako argazki eta irudiak jarriko ditugu blog honetan.


Bertzalde, larunbatean Jon Zelaieta eta Usoa Zelaieta, dantzari, irakasle eta arduradun oihak elkarrekin ezkondu ziren. Gure Txokoa Dantza Taldeak, ohorezko aurreskua eta arkua eskeini zien Herriko Etxetik behitzerakoan. Hunkituta jaso zuten bi gazteek, oparitutako txapel eta painulu bordatua. Aipatzekoa da, gonbidatu guztiak euskal janzkera tradizionalekin jantzirik joan zirela eta horrek giro bikaina sortu zuen egun osoan zehar igande goizeko lehenengo orduak bitarte. Zorionak bikote!!!

2009/10/16

Gaur ortzila, ikastolako bisitariei eskeinitako saioa

Gaur ortzirala, arratsaldeko 20:00tan Gure Txokoa Dantza Taldeak saioa eskeiniko du Berako Kultur Etxean.

Ikastolak eta dantza taldeak elkarlanean antolatuta, Berako dantzarien dantzak ikusgai izango dira. Ikastolak bultzatutako proiektu europear bati esker, Estonia, Turkia, Alemania eta Italiatik etorritako hainbat ikasle ditugu aste honetan bisitari Beran. Euskal kultura eta folklorea erakusteko asmotan Gure Txokoak emanaldia eskeiniko die.

Arratsaldeko 19:45tan kalejira bat eginez kanpotarrak ikastolak Altzaten duen egoitzatik Kultur Etxearaino eramango dituzte dantzariek, bertan 20:00ak inguruan saioari hasiera emateko asmotan.

Espero dugu atzerritarrak Beratik oroitzapen politak eramatea.

2009/10/13

Ikastolako bisitariei eskeinitako saioa

Berako Labiaga Ikastolak eta Gure Txokoa Dantza Taldeak elkarlanean antolatuta Berako dantzarien emankizuna izango da urriaren 16an, ortziral honetan, arratsaldeko 20:00tan, Berako kultur etxean.


Berako Labiaga Ikastola elkartrukeko proiektu Europear batean bete-betean murgilduta dago, eta aste honetan kanpotarrak etxean jasotzeko bere txanda ailegatu da. Ez da lehenengo aldia ikastola horrelako proiektu batean sartuta dagoela, izan ere, azken hamarkadan hainbat herrialdetako ordezkariak jaso ditu, Suedia, Portugal, Errumania... esate baterako. Ikastolako ikasleak ere herrialde ezberdinak bisitatu dituzte proiektu hauen barrenean.

Pasa den asteburuan ailegatu ziren 14 urte inguruko gaztetxoak Berara. Alemania hegomendebaldeko Lindau hiritik, Estonia erdialdeko Türi herriatik, Izmir hiri Turkiarretik eta Italiako Napoli hiri garrantzitsuatik etorri dira aurtengoan. Hainbat ekitaldi prestatu ditu ikastolak inguruak eta euskal kultura erakusteko asmoarekin, eta Gure Txokoa Dantza Taldeak ekitaldi horietako batean parte hartuko du.

Labiaga ikastolak, Gure Txokoa Dantza Taldeari proiektuaren eta bere asmoen berri eman zion. Ikastetxeak kanpotarrei euskal kultura eta folklorea erakusteko intentzioarekin Berako dantzariek saio bat egitea proposatu zuen. Dantza taldeak, ikastolako ikasle oihez josia, baiezkoa eman zuen bitan pentsatu gabe eta elkarlanean hasi ziren saioa prestatzen.

Dantzariak arratsaldeko 19:45tan agertuko dira ikastolaren Altzateko egoitzara eta handik kalejiran atzerritarrak kultur etxeraino eramango dituzte. Saioa Aurresku batekin hasiko da. Gure Txokoako 4 dantzarik, kanpoko herrialdetako ordezkari bana hartuko dute eta eszenatoki gainera eraman, bertan Aurreskua eskaintzeko eta ohiko txapela oparitzeko. Berako dantzez gain, Euskal Herriko lurralde desberdinetako dantzak eskeiniko dizkiete Beratarrek bisitariei ikastolako ikasleek ingeleraz aurkeztutako saioan.

Festibalaren ondotik, ikastolak antolatuta afari batean bilduko dira dantzari, musikari eta ikastetxeetako arduradunak.

Larunbata arte egongo dira Alemaniarrak, Estoniarrak, Turkiarrak eta Italiarrak gure artean eta beraz honako dantza emankizun hau, azken ekitaldietako bat izango da beraientzat Euskal Herrian. Saio polita izatea espero dugu, euskal kultura eta folklorea ikusteaz gain ongi pasatu dezaten.

2009/10/04

Gure Txokoa Dantza Taldearen saioa


Berako Labiaga Ikastolak eta Gure Txokoa Dantza Taldeak elkarlanean antolatuta berako dantzarien emankizuna izango da urriaren 16an Berako kultur etxean.

Hainbat herrialdetako gaztetxoak etorriko dira ikastolako ikaslei bisita egitera eta Berako eta Euskal Herriko kultura eta tradizioak erakusteko asmoarekin Gure Txokoa Dantza Taldeak euskal dantzaz osatutako emanaldia eskeiniko die kanpotarrei.

Aurrerago saio honi buruz berri gehiago izanen duzute.