2010/02/17

Inude eta Artzaien konparsak ederki girotu zituen Berako kaleak

Urtero bezala inauteritako igandean ederki apaindutako inudeak eta artzai "gihartsuak" atera ziren Berako kaleetara. Beren dantza eta kantuekin bikain alaitu zituzten herriko kaleak, Momo Erregea lekuko zutelarik. Goizeko 10etatik ordu biak arte Zubiondo Jatetxeko ilar gorriak merezimendu guztiarekin irabazi zituzten. Gainera, besta segitzeko gogoz arratsaldeko 6tan ere herria zeharkatu zuen konparsa bereziak.
Ezin hobeki joan zen 2010eko inauteri igandea. 49 bikotek osatu zuten koloretako ilara, 2009an baino 5 guttiago, eta hala ere pasa den urtean baina jende gehiago elkartu ginen konparsan ateratako jendeari esker. Horrela bazkaltzeko garaian 130 pertsona inguruk dastatu zituzten Zubiondotarren ilar goxuak.


Momo erregeak aginduta eta honen bi laguntzaileen begibistan, elizaren izenean jende ugari agertu zen; Erromatik bereziki etorritako gotzaina, apeza, eta pare bat fraide. Ezkontza bat ere elkartu zitzaigun eta hilerrian aurkitutako alarguna ere bai. Txanogorritxu alai zioan, normalean baino "alaiago", eta hauek guztiak mehatsatzen deabrua ere bai.


Igeltsero talde bati esker trafiko arazorik ez genuen sortu, hauek udaltzainaren lana "ederki" bete baitzuten.

Bazkaria giro onean joan bazen, bazkalostean, pattarra probatu eta gero eta goizeko 0ºC -ak ahantzita, arratsaldeko zitarako prest ginen denak eta goizean baino ozenago aditu ziren inude zein artzaien ahotsak. Horrela, goizean egondakoetatik bizpahiru baja bertzerik ez ziren izan.

Inudeen haurtxoek botatzen zituzten malkoak justifikazio errexa zuten: Urte bete espetu beharko dugu Beratarrak Momo Erregearen erokeria berriz ere ikusteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina