2009/11/10

Bretainiako bidaiaren laburpena

Ortziral arratsaldean Bretainia aldera abitu ginen ittundar, aranztar eta beratar kuadrila eder bat. Denera 33bat lagun izanen ginen, musikari, dantzari eta joaldunen artean. Quimper-en genuen hotela eta bertara larunbatean goizeko 3ak aldera iritsi ginen.


Lo pixkat egin eta hurrengo goizean ondoan dagoen Douarnenez herrira joan ginen. Bertako kaleetan joaldunen hotsa nabarmena zen, eta jendea harriturik gelditzen zen hango zaratarekin. Gibeletik dantzariek eta trikitilariek jarraitzen genien eta bertako biztanleak kontent gelditzen ziren gure euskaldun giroarekin. Erran behar da oso harrera ona egin zigutela eta atsegin haundiz jarraitzen zittuzten gure dantzak.




Arratsaldean Quimper-eko karrikak alaitu genittun, nahiz ta eguraldia ez genuen lagun izan. Hemen ere joaldunak aitzinetik joan ziren, eta dantzariak eta trikitilariak euria egiten ez zuenean beraien gibeltik abiatzen ziren. Oraingo honetan ittundarrek beraien hartza kaleratu zuten eta bertako biztanle batek baino gehiagok ikare ederra hartu izanen zuen. Anekdota gisa aipatu behar da, joaldunak arratsaldeko saiorako prestatzen ari zirelarik, ondoan zegoen ezkontza batean bi ittundar dantzariek Aurreskua eskeini zietela ezkon berriei. Hauek harridura aurpegiarekin baina gusto handiz jarraitu zuten pausu bakoitza.


Arratsean, afal ondoan lehendabiziko festibala eskeini genuen Pluguffan herrian. 8bat dantza egin genituen eta bertakoei aunitz gustatu zitzaien. Hauek bukatu eta gero, hemengo dantza batzuk erakutsi genizkien eta beraiek ere horrela egin zuten,bertako bi dantza ikasiz. Honela ba, giro onean amaitu zen lehenengo eguna, goizetik hasita arratsa arte dantza eta giro onean joan zena.

Igande goizin berriz ere Pluguffan herrira joan ginen. Goizean joaldunak eta hartza karriketan barna ibili ziren, liburu azoka zegoen tokira iritsi arte. Bertan hitz batzuk erran zittun ittundar dantzari eta joalduna den Jabierrek, eskerrak emanez. Aldi berean, bertako biztanleek hemengo jakiak probatu asmoz, urdaizpikua, gazta, sagardoa...jarri ziren mahai batean. Arrakasta izugarria izan zuen, segittuan akautu baitziren mahaian paratutakuak. Bazkal ondun bertze festibal ttiki bat eskeini genien eta amaieran, denak batean elkartu ginen, dantzari, joaldun eta musikariak eta Joxe Mari joaldunak esker onak emanez eta agurtzeko asmoz bertso emozionagarri bat bota zuen.

Aipatu, gurekin batera, Iparraldeko bertze bi musikari joan zirela Bretainiara, akordeolari eta bateria jole bat. Hauen laguntzarik gabe, ez genuen hain giro ona jartze lortu izango.

Horrela ba, hau da asteburu motz honetan Bretainian izandako abenturak. Oso esperientzia atsegina izan da guztientzat, errepikatzeko modukua.


Hemendik gure eskerrak Arantzako trikitilariei jotzera animatu izanagatik; eskerrak baita ere Iturengo dantzari eta joaldunei horrelako aukera zoragarri bat eskeini izanagatik eta eskerrak denari hain giro ona lortu izanagatik!!!

Horrelako bertze aukera bat izango dugulakoan, ESKERRIK ASKO!!!

Berako dantzarik

2009/11/05

Berako dantzariak Iturengoekin Bretainiara

Bihar ortzirala, azaroak 6, Gure Txokoa taldeko bortz dantzari Iturengo dantzari eta joaldunekin batera Frantziako Bretaña penintsulara abiatuko dira. Quimper hirira joango dira zehazki, bertan liburu azoka bat ospatzen denez, dantzatzeko aukera izango dutelarik.

Larunbat goiz partean, Quimper ondoko herri batera desplazatuko dira bai dantzari eta baita joaldunak ere bertako kaleak alaitzeko asmoz, kalejira eta joaldun hotsekin. Arratsaldean, berriz, Quimper hiriko kaleak alaituko dituzte goizean egin bezala. Horretarako, Arantza eta Iturengo trikitilari eta pandero joleen laguntza izanen dutelarik.

Lehendabiziko festibala afal ondoan eginen dute. Agurrarekin hasiz, arin-arin, banako, gorulari, matelota, Zuberoako makildantza eta zortziko batekin amaituz. Ekitaldi hau akautu eta gero, bertako biztanleek hemengo dantza tradizionalak, abestiak, musika...erakustea nahi dutenez, giro ezinhobean amaituko da eguna.

Hurrengo goizean, berriz ere joaldunek Quimper-eko karrikak alaituko dituzte, ondotik dantzariek bigarren festibal bat eskeiniko dutelarik. Oraingo honetan, polkak, egi, kontradantza, euskaldunak eta sorginak, eta beste hainbat dantza egingo dituzte.

Beraz, asteburu mugittua baina giro onean joango dena izango dute Quimper-era doazen partaide guztiak. Erran beharra da, Berako dantzariak bortz neska bertzerik ez direla, nahiz ta gonbita mutiko zein neskari egin. Ea hurrengoan ere mutilak animatzen diren. Berako dantzariak: Maitane Erdozain, Andrea Plaza, Amaia Izquierdo, Aitziber Esnaola eta Izaskun Zubieta dira.

Ongi pasa!!!

2009/10/31

Saskiaren zozketaren irabazlea

Atzo ortzirala saskiaren zozketa egin genuen eta irabazlea IRATXE MIKELARENA suertatu zen, 06-A zenbakiarekin.

ZORIONAK!!!

Hemen beitian duzute ikusgai zozketaren bideoa:

2009/10/29

Saski ederraren zozketa

Saltzen ari garen boleto guztiez gain, tablero bat jarri genuen 72 x 2 zenbakirekin. Bertan 2€ -gatik partehartzaileak zenbaki bat bereizten zuen eta zozketa batean zenbaki saritua lortuko da.


Lurraren Egunean zenbaki guztiak bete ez zirenez, Agara Janaridendan utzi genituen tableroa eta saskia. 3 egun gehiago espetu behar izan da zenbaki guztiek jabe izan dezaten eta dagoeneko zozketa egiteko aukera dugu.

Zozketa bihar ortzirala arratsaldeko 18:00ak inguru egingo da Gure Txokoa Dantza Taldeak Eztegara pilotalekuan duen lokalean. Lekuko bezala agertu nahi duenak zozketa ikustera hortxe du zita beraz.

Hala ere, irabazlea ezagutu bezain pronto berekin harremanetan jarriko gara. Gainontzekoek zenbaki saritua ezagutu dezazuten, Agara Janaridendan, Iamoteneako iragarki tabloian eta gure blog honetan, ohar bat jarriko dugu.

Zorte on denei!!!

Lurraren Eguna 2009 - Balorazioa

Bikain joan zen aurtengo Lurraren Eguna Gure Txokoa Dantza Taldearentzat.

Festibala ederki atera zen eta jende pila bat hurbildu zen dantzak ikustera. Gainera dantzek harrera ona izan zuten ikusleen artean. Pena izan zen, ekitaldiak denboran atzeratu zirela. Honen ondorioz gure saioa ilunabarrean hasi zen eta argi natural gabe bukatu zen. Hasierako kalejirak ere giro ederra sortu zuen altzate guztian zehar eta jendea plazara hurbildu zuen.

Postuak ere ederki funzionatu zuen egun guztian zehar. Kokaleku egokiena ez bagenuen ere jende aunitz pasa zen gure postutik, gure pintxo, edari eta postreak jatera. Rifa, tonbola eta zozketetan ere jendeak ederki parte hartu zuen.

Eskerrik asko beraz, dantzak ikustera joan zineten guztiei eta postutik pasatu zinetenei!

2009/10/24

Bihar igandea Lurraren Eguna Beran

Bihar igandea, XXIII. Lurraren Eguna ospatuko da Beran. Egun guztian zehar, eskulangileen azoka eta barazki erakusketa ikusgai izango da. Herriko bandak, eta musika eskolako hainbat taldeek kaleak alaituko dituzte beren musikarekin. Gazta eta sagardo lehiaketa ere izanen da. Eta eguneko azken ekitaldi gisa Gure Txokoa Dantza Taldeak emanaldia eskeiniko du Altzate plazan. Euria eginez gero postuak eta ekitaldiak Altzateko frontoian eta polikiroldegian izango dira.

Saio polita eskeiniko du Gure Txokoa Dantza Taldeak arratsaldeko 18:00tan, Beran aspaldian ikusi gabeko zenbait dantzekin. Kalejira bat eginen dugu ere bai, Iamoteneatik Altzateko plazaraino kalea girotu asmoz.

Bertzalde, oroituarazi nahi dizuegu Gure Txokoa Dantza Taldeak postua jarriko duela Altzate plazan, atzerrira bidai bat egiteko laguntza lortzeko asmoarekin.

Bertan denetarik aurkituko duzute. Jateko pintxoak, pastelak, roskilak, bizkotxoak, postreak... eta eztarriak bustitzeko sagardoa, ardoa eta freskagarriak. Jokoak izanen dira haurrentzat eta hauei aurpegia margotzeko aukera ere bai.

Boletoak ere salgai izango dira 1€-ren truke eta El Niño-ren loteria eguna arte salgai izanen dituzute. Sariak hagitz interesgarriak dira: 2 lagunentzako gaua landetxe batean, urdaiazpiko handi bat, eta saski eder bat.

Bertzalde postuan bertan zozketak izango dira, rifak, lehiaketak eta tonbola ere bai. Sariak sekulakoak dira; Saski ederrago bat, ardo eta gasna loteak...

Eguneko azken orduetan txokolate bero bat bizkotxoekin hartzeko aukera izanen da eta gaztainak ere erreko ditugu, dantza taldearen saioa ikusi bitartean jateko.

Bertzerik gabe, gonbidatzen zaituztegu gure dantza emanaldia ikustera eta bidenabar gure postutik pasatzera. Ongi pasa!!!


2009/10/22

Azken asteburuko ekitaldiak

Pasa den asteburuan Gure Txokoa Dantza taldeak bere dantzak bitan erakusteko aukera izan zuen.

Ortziralean, Labiaga ikastolara Estonia, Turkia, Alemania eta Italiatik etorritako bisitariei dantza saioa eskeini zien. Kalejira batekin, bisitarien ordezkariak ikastolak Altzaten duen egoitzatik Koltur Etxearaino eraman zituzten. Bisitariek harridura aurpegiarekin begiratzen zituzten gure jantziak.

Ondoren, gainezka betea zegoen Kultur Etxean jada, saioa hasi zen. Ikastolako zenbait ikasle aurkezle papera hartu zuten eta bikain eraman zuten saioa euskeraz nahiz inglesez azalpenak emanaz. Ander Rodriguez dantzariak ere azalpenak eman zituen Alemanieraz.

Aurresku batekin hasi zen emanaldia, bisitariei eskeinitako aurreskua. Berako lau dantzarik, ikastolak egun honetarako prestatutako txapelak eskuan, kanpotarrei eskeini zieten aurreskua. Bukatzean eszenatokitik jaitsi eta lau herrialdetako ordezkariei eman zieten txapela. Txapela, Gure Txokoa eta Labiaga izenak zituen, egunaren datarekin eta bi laubururekin batera bordatuta. Atzerritarrek, saio guztia txapela buruan edozein modutan jarrita zutela pasa zuten.

Dantzak, zein baino zein txalotuagoa, aurkezpen eta trikitrixa doinuekin tartekatzen joan ziren eta bukatzeko ikastolako haurrek bi kanta abestu zituzten.

Saio ondotik, ikastolak dantzariak gonbidatu zituen Zalain Jatetxean egindako afarira. Bertan, giro alaiean, Berako dantzari, irakasle eta musikariez gain, irakasle kanpotarrak zeuden eta hitz batzuk erratera ausartu ziren. Egonaldia eskertu zoten ikastolari eta Euskal Herriko edertasuna eta jendea goraipatu zuten. Euskal Herriko kulturarako hitz politak izan zituzten, eta Gure Txokoa Dantza Taldearentzat zorionak eta txaloak izan ziren.

Esperientzia polita izan da Gure Txokoa Dantza Taldearentzat. Berako eta Euskal Herriko kultura erakusteaz gain, eta atzerritarrekin harremana egiteaz gain, Labiaga ikastola eta dantza taldearen arteko lotura handitu du eta erakutsi du herriko edozein erakunde edo talderekin lan egiteko prest dagoela.

Hemendik eskerrak eman ikastolari saioa egiteko jarritako erreztasun guztiengatik. Mila esker!

Ahal bezain abudo saio honetako argazki eta irudiak jarriko ditugu blog honetan.


Bertzalde, larunbatean Jon Zelaieta eta Usoa Zelaieta, dantzari, irakasle eta arduradun oihak elkarrekin ezkondu ziren. Gure Txokoa Dantza Taldeak, ohorezko aurreskua eta arkua eskeini zien Herriko Etxetik behitzerakoan. Hunkituta jaso zuten bi gazteek, oparitutako txapel eta painulu bordatua. Aipatzekoa da, gonbidatu guztiak euskal janzkera tradizionalekin jantzirik joan zirela eta horrek giro bikaina sortu zuen egun osoan zehar igande goizeko lehenengo orduak bitarte. Zorionak bikote!!!