2009/09/28

XV. DANTZARI TTIKI EGUNA: Balorazioa

Gure Txokoa Dantza Taldetik balorazio positiboa egiten dugu pasa den larunbatean izan zen Berako XV. Dantzari Ttiki Egunaren inguruan.
Dantzari Ttikia antolaketa kudeatzeaz arduratu diren dantzari gazteak berriak ziren betebehar honetan eta zailtasunak alde batera utzi dituzte egun polit hau antzinera eramateko.
Eguraldia lagun izan genuen goizeko lehenengo orduetatik eta horrek dantzetaz gozatzeko giro bikaina jarri zuen. Ibarratik eta Zaldibitik etorritako dantzariak gogotsu ziruditen dantzatzen hasi aintzinetik. Bizilagun gehieneko auzoetan jendeak ederki erantzun zuen. Eskerrak eman beharrean gaude, auzo desberdinetan gosaria banatzen lagundu ziguten Beratarrei.
Goizak eguerdiari lekua utzitakoan, Altzateko Plazako festibala gauzatzeko ordua etorri zen. Agintariena egin ondotik, Berako lau dantzarik, kanpotar zein Beratarrei Aurreskua eskeini zieten saioari hasiera emateko. Honen ondotik Beratar, Ibarratar zein Zaldibitarrek dantza bina egin zituzten. Txalotuenak Ibarrakoak izan ziren "banako-ko" pausuekin egindako koreografia bati esker. Dantzari ongi landuak dituzte Tolosaldekoek.
Festibalari amaiera emateko, Berako lau dantzari ttiki ateri ziren plaza erdira eta Gipuzkoatik etorritakoei lore sorta eder bat eta bordatutako txapel bat oparitu zieten.

Bazkaltzeko ordua ailegatuta, haurrak Beratarren etxeetara joan ziren. Hirugarren taldearen falta sumatu zen, Beratar ttiki aunitz lagun berriak etxeetara eraman ezinik gelditu baitziren. Hurrengo urtean hau gertatu ez dadin lan eginen dugu, nahiz eta holako kasuetan Gure Txokoak gauza handirik egiteko aukera ez izan.

Arduradun eta musikariak Iamotenean elkartu ziren Gure Txokoako dantzariekin batera, Berako dantzariek prestatutako bazkaria dastatzeko. Giro ederrean eta azkar pasatu zen otordua eta konturatu orduko 5ak ziren, hau da, Eztegara frontoian haurrentzako jokoak prestatuak zeuden unea.

Haurrak 6ak arte jolasten egon ziren, eta berendua jaso ondotik etxeetara bueltatu ziren.


Hobetu beharreko detaileak daude, eta XVI.-a aurtengoa baino hobea izateko hauek konpontzen saiatuko gara.

Bukatzeko, aunitz eskertzen dugu Beratarrek dantzariei emandako harrera, hala nola, Berako musikarien laguntza ordain ezina, Berako Udala eta Gure Txokoa Elkartea. Nola ez, Ibarrako Alurr Dantza Taldea eta Zaldibiko Iztueta Dantza Taldea, gustoa ematen baitu zuek jasotzea. Eta modu berezi batean, beraien etxeetan kanpoko haurrei bazkaltzera emandako familiei eskerrak eman nahi diegu, laguntza hori gabe ezinezkoa izango zelako Dantzari Ttikia.

Bertzerik gabe, hurrengo urtekoaren zain geldituko gara, Dantzari Ttiki aunitzen XVI. pausua izanen denaren zain.

Gure Txokoa Dantza Taldea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina