2009/10/13

Ikastolako bisitariei eskeinitako saioa

Berako Labiaga Ikastolak eta Gure Txokoa Dantza Taldeak elkarlanean antolatuta Berako dantzarien emankizuna izango da urriaren 16an, ortziral honetan, arratsaldeko 20:00tan, Berako kultur etxean.


Berako Labiaga Ikastola elkartrukeko proiektu Europear batean bete-betean murgilduta dago, eta aste honetan kanpotarrak etxean jasotzeko bere txanda ailegatu da. Ez da lehenengo aldia ikastola horrelako proiektu batean sartuta dagoela, izan ere, azken hamarkadan hainbat herrialdetako ordezkariak jaso ditu, Suedia, Portugal, Errumania... esate baterako. Ikastolako ikasleak ere herrialde ezberdinak bisitatu dituzte proiektu hauen barrenean.

Pasa den asteburuan ailegatu ziren 14 urte inguruko gaztetxoak Berara. Alemania hegomendebaldeko Lindau hiritik, Estonia erdialdeko Türi herriatik, Izmir hiri Turkiarretik eta Italiako Napoli hiri garrantzitsuatik etorri dira aurtengoan. Hainbat ekitaldi prestatu ditu ikastolak inguruak eta euskal kultura erakusteko asmoarekin, eta Gure Txokoa Dantza Taldeak ekitaldi horietako batean parte hartuko du.

Labiaga ikastolak, Gure Txokoa Dantza Taldeari proiektuaren eta bere asmoen berri eman zion. Ikastetxeak kanpotarrei euskal kultura eta folklorea erakusteko intentzioarekin Berako dantzariek saio bat egitea proposatu zuen. Dantza taldeak, ikastolako ikasle oihez josia, baiezkoa eman zuen bitan pentsatu gabe eta elkarlanean hasi ziren saioa prestatzen.

Dantzariak arratsaldeko 19:45tan agertuko dira ikastolaren Altzateko egoitzara eta handik kalejiran atzerritarrak kultur etxeraino eramango dituzte. Saioa Aurresku batekin hasiko da. Gure Txokoako 4 dantzarik, kanpoko herrialdetako ordezkari bana hartuko dute eta eszenatoki gainera eraman, bertan Aurreskua eskaintzeko eta ohiko txapela oparitzeko. Berako dantzez gain, Euskal Herriko lurralde desberdinetako dantzak eskeiniko dizkiete Beratarrek bisitariei ikastolako ikasleek ingeleraz aurkeztutako saioan.

Festibalaren ondotik, ikastolak antolatuta afari batean bilduko dira dantzari, musikari eta ikastetxeetako arduradunak.

Larunbata arte egongo dira Alemaniarrak, Estoniarrak, Turkiarrak eta Italiarrak gure artean eta beraz honako dantza emankizun hau, azken ekitaldietako bat izango da beraientzat Euskal Herrian. Saio polita izatea espero dugu, euskal kultura eta folklorea ikusteaz gain ongi pasatu dezaten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina