2009/10/15

Zorionak Jon eta Usoa

Gure Txokoa Dantza Taldeak aunitz eman digu hau osatzen dugunoi; folklore eta kultura ezagutzak, bidaiatzeko aukera, Bera ordezkatzeko aukera, denbora tarte onak zein baten bat ez hain ona ere bai, irriak, diskusioaren bat, bazkari zein afariak, urduritasunak, pozak... eta LAGUNAK.

Lagunak han eta hemen, berriak eta zaharrak, gazteak eta gazteagoak, onak eta hobeak. Zenbatuezinak dira lagun guztiak, eta zenbatuezina horietako batzueri zor dizkiegun eskerrak.

Horietako zenbait, talde nagusian zeuden haiek ziren gu dantzetan lehenengo aldiz hankak altxatzen ari ginenean edo txulalai ikasten genuen bitartean. Dantzari haiek, gure irakasle bihurtu ziren eta dantza zaletasuna sartu ziguten zainetan Otsagiko dantzak edo El Ziegokoak erakusten zigutenean. Irakasletik taldekidera pausua ematera bultzatu ziguten Bordondantza edo Berako Aurreskua irakasteko eta azkenean bizilegez lekukoa pasa digute taldea aintzinera eraman dezagun.

Orain gu gara helduen taldean gauden horiek, dantza irakasle horiek eta gaztegoei Bordondantza eta Berako Aurreskua erakusten diegun horiek. Orain gu gara San Esteban egunaren bezperan goiz joaten direnak etxera, txanpaina naranjarekin nahasten erakusten dutenak edota pastela gordetzen irakasten dutenak. Bidea ongi irakatsi digutenak izan ditugulako lagun moduan.

Guzti horrek eragiten du, zuentzat egun berezi diren horiek guretzat ere bereziak izatea. Zuek gaur sentituko duzuen poza eta zoriona, gure barne egotea. Horregatik, gaur 2009ko urriak 17, egun berezia da guretzat ere bai.

Dantzak elkartu dituenei zoriontasun handiena opa diegu. Pozez eta alaitasun handiarekin pasa dezaten eguna, eta udazkeneko eguerdi honek ekarriko duen segida orain artekoa baina zoriontsuagoa izatea.

Besarkada bana lagunak!!!
ZORIONAK!!!


JON eta USOA 2009/10/17

Gure Txokoa Dantza Taldea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina